Sucesión Chillida

Aurkezpena

Sucesión Chillida

Webgune hau Eduardo Chillidaren irudiari, obrari eta pentsamenduari eskainita dago. Horretaz gainera, Chillidaren Ondorengotzari, jarduerari, funtzioei eta eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko oinarrizko informazioa ematea du helburu.

Chillidaren Ondorengotza Eduardo Chillida artista zenaren eskubidedunek osatzen dute, haiek baitira haren obraren jabetza intelektualaren eskubideen titular erabatekoak. Haren egitekoen artean, obraren osotasuna eta Eduardo Chillidaren irudia zaintzea ageri dira, bai eta edozein imitazio, zatiketa edo bestelako iruzurrezko erabilera eragoztea ere.

Webgune hau eta haren edukia Chillidaren Ondorengotzaren titulartasunekoak dira, eta Espainiako legeek ez ezik jabetza intelektual eta industrialari buruzko legedi nazional eta internazionalak ere arautzen dituzte.

 

Fundación Eduardo Chillida y Pilar Belzunce

Fundación Eduardo Chillida y Pilar Belzunce

Eduardo Chillida eta Pilar Belzunce Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta bere helburu nagusia Eduardo Chillida Juanteguiren lana, pentsamendua eta pertsona aztertzea eta zabaltzea da. Bere jarduerak tokian-tokian egiten ditu, artistak berak Hernaniko Zabalaga baserrian sortutako espazioan, zein nazioan eta nazioartean ere. Helburu horiek betetzeko, Chillida Ondorengotzak utzitako espazioa, artxiboa eta obra ditu.

Jarduera horien artean, nabarmentzekoa da Chillida-Leku mantentzeko eta sustatzeko lankidetza, bai eta erakusketa-, gizarte- eta hezkuntza-jarduera ere, bai museoan bertan, bai harresiz kanpo, ikastaroak, hitzaldiak edo zikloak eginez. Era berean, fundazioak ikerketa-jarduerak egiten ditu eta horietan laguntzen du, bai Eduardo Chillidaren artxiboan oinarrituta, hala nola Eduardo Chillidaren eskultura-katalogo arrazoituaren argitalpenean, bai ondare artistikoen kontserbazioari buruzkoetan.

 

 

 

Hauser & Wirth

2017az geroztik, Hauser & Wirth galeria itzaltsuak ordezkatzen du mundu osoan eta esklusiboki Eduardo Chillidaren legatua. Chillidaren Ondorengotza eta Hauser & Wirth orpoz orpo ari dira lanean, legatu hori konfiguratzeko, gordetzeko eta babesteko.
 
Horretaz gainera, Hauser & Wirth galeriaren babesarekin eta gidaritzarekin, 2019an Chillida Leku berriro ireki zen publikoarentzat, Eduardo Chillidaren obrari buruzko esperimentazioa eta ikaskuntza sustatzeko funtsezko bitarteko gisa.

Hauser & Wirth

Eskubideak, baimena eta irudien lagapena (VEGAP)

Erreprodukzio-, banaketa- eta komunikazio publikoko eskubideak egikaritzeko, nahitaezkoa da lizentzia lortzea, baita obrak ikusleen eskura ipintzeko ere. Baimen hori VEGAPek ematen du, hark kudeatzen baititu Eduardo Chillidaren obraren gaineko egile-eskubideak. Nolanahi ere, Chillidaren Ondorengotzak ezarritako baldintzak eta betekizunak bete beharko dira obra erabili ahal izateko.

VEGAP (Visual Entidad de Gestión de Artistas Plásticos) irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta mundu osoko ehun eta hogeita lau mila egile baino gehiago ordezkatzen ditu Espainian. Erakunde hori 1990ean sortu zuen Espainiako artista-talde batek, haien egile-eskubideak kolektiboki eta Jabetza Intelektualaren Legeari jarraikiz kudeatzeko. Urte hartan, CISACeko eskubide osoko kide onartu zuten VEGAP, eta ikusizko sortzaileen elkarteen sare batean sartu zen. VEGAPek beste herrialde batzuetako berrogeita bat egile-sozietaterekin sinatu ditu elkarrekiko ordezkaritza-kontratuak. Horrek esan nahi du VEGAPeko bazkideen egile-eskubideak Europar Batasuneko estatu kideetan ez ezik bost kontinenteetako herrialdeetan ere kudeatzen direla. VEGAPek kudeatzen ditu hainbat diziplinatako artisten egile-eskubideak, hala nola margolari, eskultore, argazkilari, ilustratzaile, diseinatzaile, bideo-artista, net-artista, arkitekto eta sortzaile bisualenak.

www.vegap.com

Autentifikazioa

Chillidaren Ondorengotzak Eduardo Chillidaren obraren autentifikazio zerbitzuak eskaintzen ditu. Eskultoreari esleitutako artelanak egiaztatzeaz eta pieza horien egiazkotasun-ziurtagiriak emateaz arduratzen da. Ziurtagiriak Eduardo Chillidaren Ondorengotzaren zuzendaritza-batzordeko kideek bermatzen dituzte, eta haiek bakarrik dute agiri horiek emateko baimena.

Egiaztapen-ziurtagiri bat eskatu ahal izateko, indarrean dagoen ziurtapen-protokoloan azaltzen diren baldintzak bete behar dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, ipini harremanetan:

Sucesión Chillida
Zabalaga Leku SL
Artxibo eta Dokumentazio Saila
Jauregi auzoa, 66

20120 HERNANI (Gipuzkoa) 
info@eduardochillida.com